Normalkuntza
San Antonio Ikastetxea ikastetxe euskalduna da eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustua egin du. Horregatik, gure herriarekin eta ikastetxea osatzen dugun guztiokin (ikasle, guraso, langileak orokorrean…) euskaraz bizitzeko konpromiso tinkoa hartu dugu.
Baina euskaraz bizitzea ez da bakarrik ikasgaiak euskaraz ikastea, hori baino askoz gehiago da. Eguneroko harremanetan, jolastokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, txangoetan, idazkaritzara goazenean…, euskaraz barra-barra entzun nahi dugu.
Eskola ere bada hizkuntzaren normalizaziorako tresna eragingarria eta horretarako etengabeko aurrerabidean jarri behar ditugu gure ahaleginak. Horregatik, ikastetxea osatzen dugun guztion lana eta konpromisoa behar dugu.
Normalkuntza, honako lau helburu hauetan laburbilduko genuke:
- Hiztun kopurua haztea.
- Erabilera maiztasuna handitzea.
- Erabilera eremu guztietara hedatzea.
- Menpeko hizkuntzaren presentzia nagusitzen lagunduko duen erabilera arauak indarrean jartzea.
Helburuok lortzeko, Normalkuntza Batzordea hainbat ekintza antolatu eta bultzatzeaz arduratzen da, besteak beste, Euskararen eguna antolatu, Idazleak ikastetxean eta Tinko euskara elkarteak antolatutako ekintzetan parte hartu, Gu Geu aldizkaria kaleratu, herriko elkarteek antolatzen dituzten kultura eta literatura ekimenetan parte hartu (Julene Azpeitia literatur saria, Haur Literatura Aretoa …) Ekintza hauen guztien helburua, gure eguneroko harremanetan euskararen erabilera ziurtatzea eta euskararekiko jarrera eta jokabidea baikorrak bultzatzea da.